Ezagutu Barakaldo 1997-1998 ikasturtean sortu zen, Barakaldoko Udaleko Kultura Arloaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren proiektu bezala, Eskolaz Kanpoko Jardueren programaren barruan, eta haren helburuak honako hauek dira:
- Barakaldoko ikasle ororen kultura aberastea, bere udalerria era osotuagoan ezagutaraziz.
- Udalerriko ikasleekin lan egitea, hiru fazeta nagusi hauei helduz:
- Gure ingurunea ezagutzea: elementu funtsezkoa delako gure identitatea, nortasuna eta Barakaldoren parte izatearen ideia eratzerakoan.
- Gure herriari buruzko informazioa ematea: gazteek beren auzo eta udalerriaren garapenean parte har dezaten motibatzeko.
- Zenbait balio eta jarrera sustatzea: adeitsua, kritikoa eta bere errealitate sozial, historiko eta ingurumenarenaz kontzientea den gizarte eredua indartzeko.
1997-1998 eta 1999-2000 ikasturteen artean EZAGUTU BARAKALDO programak Lehen Hezkuntzako ikasleekin jardun zuen funtsean. Programak gehiago eman zitekeela ikusita, eta Lehen Hezkuntzako kideen lan onari esker, beharrezko ikusi zen denbora eta baliabide gehiagorekin hornitzea. Horrexegatik, DBHko 1. mailako ikasleekin jarduten duen “Bigarren Hezkuntzako Ezagutu Barakaldo” sortu zen 2000-2001 ikasturtean, Lehen Hezkuntzako eskaintza horrela osotuz. Paraleloki, Udalak posible ikusi zuen Ingurumen eta Historia Zentro bat zabaltzea, Programari ikastorduetan lagun ziezaion eta, gainontzeko orduetan, Barakaldoko biztanleen zerbitzura egon zedin.



